IDAZKARITZA IRAUNKORRA

Tel: +34 93 553 89 58

sportcountries@gencat.cat

© Generalitat de Catalunya 2008

AGIRIAK

Nazioarteko kirol-lehiakortasunerako eredu estruktural berria sortzen

Andreu CAMPS POVILL, Kirol Legeria eta Antolaketako katedraduna, INEFC -Lleida
pdfcastellano(pdf 53.18 kb)

Laburpena

Ponentzia hau CIOk aintzatetsitako nazioarteko kirol-federazioen, Espainiako federazioen eta Kataluniako federazioen estatutuei buruzko azterlan juridikoan oinarrituta egin da. Azterlan horretatik eta Gutun Olinpikoa aintzat hartuta, ikus dezakegu gaur egun nazioarteko federazio gehienek nazioartean aintzatetsitako estatuetako federazioetako bakideak bakarrik onartzen dituztela kide gisa. Nazioarteko federazio gutxi batzuek bakarrik onartzen dituzte estatu subiranoetakoak ez diren federazioak, nagusiki gutxiengoan dauden kiroletakoak.

Egoera horrekin bat etorriz, juridikoki bideragarria den eredua planteatu da Kataluniako selekzioek lehiaketa ofizialetan eta ez-ofizialetan parte hartzeko aukera izan dezaten, epe laburrean eta ertainean ezinezkoa baita Kataluniako federazioak nazioarteko federazioetan integratzea. Proposatutako ereduaren helburua federazio guztientzako irtenbidea aurkitzea da, baldintza jakin batzuk betetzen dituen eredua, kirol-autonomia duten lurraldeen artean (nazioak, eskualdeak, herrialde txikiak) nazioarteko lehiaketa ofizialak garatzea ahalbidetuko lukeena.

Kirol-selekzioek nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartzea lortu nahi da; hau bi bidetatik lor daiteke: batetik, egun nazioartean dauden federazioekin negoziatzea lurralde autonomoetako nazioarteko lehiaketak abian jar ditzaten; eta, bestela, kirol-eskualdeetako nazioarteko federazioak eratzea. Eredu berriaren irizpide nagusia “lurraldeak kirolari dagokionez autonomoa” izan behar duela da, nola lege aldetik hala politikoki; kontzeptu horretan barneratuko lirateke, besteak beste, Erresuma Batuko lur-eremuak, Alemaniako Länder delakoak, Belgikako eskualdeak, Portugal eta Frantziako zenbait eskualde, eta, aurrerago, baita Italiako eskualdeak eta Espainiako erkidegoetako federazioak ere.

Estrategikoki, eredu alternatibo horrek nazioarteko lehiaketa ofizial berria sortzea dakar, non kirolaren ikuspegitik begiratuta, juridikoki autonomoak diren lurraldeek ere parte hartzeko aukera izan baitute, nazioarteko federazioekin bat etorriz edo, bestela, kirol-anitzeko nazioarteko federazioa eratuta. Planteamendu hori juridikoki bideragarria izan dadin, lehiaketa horretan ez dute estatuek parte hartuko.

Eredu hori estatuetako selekzioekin bateragarria da eta horren aurka arrazoi politikoak baino ez lirateke egongo. Laburbilduta, hona hemen ekintza-plana: a) Lehenengo etapa, Europako eskualdeetako selekzioen artean Europako lehiaketa ofizialen sistema ezartzea; eta b) Bigarren etapa: mundu guztiko eskualde autonomoen artean munduko lehiaketa ofizialen sistema ezartzea.