IDAZKARITZA IRAUNKORRA
Tel: +34 93 553 89 58
© Generalitat de Catalunya 2008
Rosó CANGRÓS, Kataluniako Garun-perlesiako Federazioa
Katalunian elkarte ugari dago; horrek esan nahi du interes komunak dituzten pertsonak taldekatu egiten direla hainbat proiektu gauzatzeko. Askotariko proiektu horietako bat garun-perlesia edo traumatismo kraneo-entzefalikoa duten pertsonei egokitutako kirolarena da.
Federació Catalana d'Esports Paràlisi Cerebral (FCEPC) delakoa Kataluniako 23 elkartek osatzen dute; horietatik 6 elkarte absolutuak dira, bat –Centre Excursionista de Catalunya– 1876an sortua eta beste bat –C.A. Nou Barris– ibilbide luzearekin kirolaren arloan. Elkarte horiek kirol egokituaren atal berria sortu dute, neska-mutilek pertsona estandarrekin entrenatzeko aukera baitute; gainerako elkarteak espezifikoki ezgaituentzat dira.
Gure Federazioak Katalunian guztira berrehun eta hogeita sei lizentzia eman ditu. Federatutako pertsona horiek lehiaketa-kiroletan hartzen dute parte –joko paralinpikoak, munduko txapelketak…–, bai Erkidegoan bertan bai nazioartean. Baina gu ez gaude erabat pozik lizentzia-kopuru horrekin, gehiago izatea nahi baikenuke.
Federazioek eskaintzen dituzten kirolak honako hauek dira: igeriketa, slaloma, boccia, ekitazioa, areto-futbola, futbol zazpi, atletismoa, iraupen-eskia eta mahai-tenisa. Federazioz kanpo, elkarteren batean, mendizaletasuna eta itsasoko kayaka egin daitezke. Elkarteek aisiako kirola egiteko aukera ere ematen dute, kirolak berak eskaintzen duen ongizarte fisiko eta psikologikoaz gozatzeko.
1992ko Joko Paralinpikoek gizartea ezgaitasunen bat duten pertsonekiko kontzientziatzea lortu zuten. Igerilekuetan, atletismo-pistetn eta eski-pistetan jada nahikoa normala da pertsonak kirol egokitua egiten ikustea. Hala ere, oraindik bide luzea dugu egiteko gizartearen erabateko kontzientziazioa lortu arte.
Gizarteak ez du goraipatu behar ezgaitu batek kirola egitea. Horren funtsean, nolabaiteko errukia dago, nahiz eta, horren ordez, elkar ulertzea sustatu eta oztopo arkitektonikoak ezabatu behar diren.
Kirol egokituaren elementu garrantzitsuenetako bat boluntarioak dira; alegia, instalazioetan, elurretara egindako irteeretan edota txapelketetan euren borondatez gure kirolariei laguntzeko konpromisoa hartzen duten pertsonak. Boluntarioek ez dute zerikusirik prozesu teknikoarekin, baina ezinbestekoak dira une espezifikoetan, besteak beste, jateko orduan, komunera joateko, e.a. Kirolari batzuek, beren ezgaitasun-maila dela-eta, hirugarrenen laguntza behar dute mugitu ahal izateko.
KIROLAREN ABANTAILAK
Ezgaitasunen bat duten pertsonak gutxiago mugitzen dira. Hori dela-eta, kirola egiteak hainbat abantaila dakarkie, besteak beste, malgutasuna eta elastikotasuna areagotzen dute; oreka eta koordinazioa lantzen dute; euren gorputz-eskemaz ohartzen dira; oxigeno gehiago kontsumitzen dute eta bihotzaren errendimendua gehitzen dute; itxura hobetzen dute; eurengan segurtasun handiagoa dute; eta arrakasta esperimentatzen dute.
KIROLAK EZ DAKAR URTE GEHIAGO BIZITZEA; AITZITIK, BIZITASUNA EMATEN DIE URTEEI.