IDAZKARITZA IRAUNKORRA

Tel: +34 93 553 89 58

sportcountries@gencat.cat

© Generalitat de Catalunya 2008

AGIRIAK

Ama natura eta kirol-jardueren izaera

Pierre-Olaf SCHUT, CRIES, Lyon, Frantzia
Sebastien BERNIS, Corps et Culture (Gorputza eta Kultura), Montpellier, Frantzia

Laburpena

Naturan egiten diren jarduera fisikoek, edo ingurune naturalean garatzen diren kirolek, jarduera ugari hartzen dituzte bere baitan, baina, Boueten arabera, horiek guztiek badute funtsezko ezaugarri bat: alegia, naturako elementuei egiten dietela erreferentzia. P. Parlebasek dio jarduera horiek “ingurune zehaztugabean” garatzen direla; guk ingurune zehaztuan garatzen direla frogatuko dugu. Ponentzia honen bidez zehaztu egin nahi dugu zenbaterainoko garrantzia duen ezaugarri geomorfologikoak ere barneratzea kirol-herrialdearen definizioan, termino horrek ingurune naturalean garatzen diren kirolez hitz egiteko erabiltzen denean. Noski, gure ustez erlazionatuta daude jarduera jakin batzuetarako erabiltzen diren espazioen banaketa eta ingurunearen ezaugarri fisikoak.

Bouetek ingurune naturalean garatzen diren diziplinetan dihardutenen sailkapen espezifikoa egin zuen: "inplikatutako elementua aipatzeak erraztu egiten du horiek (ingurune naturalean garatzen diren kirolak) sailkatzea. Baina komenigarria litzateke ez ahaztea, espezialitate askok elementu bera aipatzen duten arren, espezialitate horiek eurek oso eremu ezberdinak eta bereziak ezartzen dituztela, horietako bakoitzean erabili ohi diren elementuak eta bitartekoak aintzat hartuta."

Frantzian, Espainian, Italian eta Suitzan espeleologia, eskia, surfa eta alpinismoa praktikatzen diren toki ezberdinei buruzko gure azterlanak garbi utzi du kirola egiteko leku asko kontzentratuta daudela. Adibidez, surfa Atlantikoko kostalde osoan praktikatzen da (Frantzia eta Espainia), eta Vanoiseko mendigunean (Frantzia eta Italia) eski-estazio handienetako batzuk aurki daitezke.

Espazio-kontzentrazio horiek ikertutako espezialitateen ezaugarri fisiko espezifikoei guztiz bat datoz. Ezaugarri horiek ozeanografikoak dira surfari dagokionez, geologikoak espeleologiari dagokionez, eta klimatikoak eta geomorfologikoak alpinismoari eta eskiari dagokienez. Adibide gisa, esan dezakegu espeleologia honako leku hauetan baino ez dela praktikatzen: Kantauriar mendikateko (Espainia), Jurako (Frantzia eta Suitza) eta Vercorseko (Frantzia) eremu karstikoetan. Alpinismoa praktikatzeko, beharrezkoa da mendiek garaiera jakin bat izatea; mendi horietan milaka urteko glaziarrak daude, Mont Blancen (Frantzia eta Italia) eta Oberlanden (Suitza) gertatzen den bezala. Leku-kontzentrazio ezberdinak kirol-herrialdeei dagozkie; kirol-herrialdeak jarduera bakoitzerako espezifikoak dira eta unitate geomorfologiko batek mugatzen ditu.

Pierre de Coubertinek esan zuen bezala, konturatzen gara kirol-geografia ez datorrela bat geografia politikoarekin, identifikatu ahal izan ditugun kirol-herrialde asko aldi berean bi edo, batzuetan, hiru herrialde politikotan baitaude. Hortaz, gure lanak garbi uzten du kirol-herrialdeak nazioetatik aparte definitu daitezkeela. Halaber ikus dezakegu ingurune naturalean garatzen diren jardueren esparruan kirol-herrialdeak espezialitate bakoitzari dagokionez mugatzen direla, jarduera horiek herrialdearen ezaugarrien arabera baitago. Gainera, jarduera fisikoa eta ingurune naturalean garatzen den kirola irizpide geomorfologikoetan oinarrituta mugatzen dira.